Guztiaren teoria

Guztiaren teoria (edo TOE ingeleseko akronimotik, Theory of everything) fisika teorikoaren baitan garatutako teoria hipotetiko bat da, unibertsoaren gertaera fisiko guztiak era koherente eta osoan azaldu eta konektatzen dituena. Fisikaren problema nagusietako bat, hain zuzen ere, Guztiaren teoria aurkitzea da. Azken mendeetan, Guztiaren teoria osatzetik hurbil dauden bi teoria garatu dira: erlatibitate orokorra eta mekanika kuantikoa. Alde batetik, erlatibitate orokorraren teoria grabitate-indarrean ardazten da unibertsoa ulertzeko, eta eskala eta masa handiko eremuetan baliagarria da. Beste aldetik, mekanika kuantikoa indar ez-grabitatorioetan baino ez da ardazten, hots, indar nuklear bortitzean, nuklear ahulean eta elektromagnetikoan; eta eskala eta masa txikiko eremuetan erabiltzen da. Teoria bateratu bat aurkitzeko zailtasunik handiena da naturaren eremu mugatu bat azaltzen duten lege guztiak harmonikoki elkartzea, natura bere osotasunean azaltzen duen teoria batean transformatuz eta lau oinarrizko elkarrekintzamotak (grabitatorioa, nuklear bortitza, nuklear ahula eta elektromagnetikoa) bateratuz. Beraz, Guztiaren teoria unibertsoaren fenomeno guztiak, mundu makroskopikoan zein mikroskopikoan, azaltzeko gai den teoria da. Guztiaren teoria aurkitzeko hainbat saiakera egon dira, baina orain arte proposatutako teoriek ezin izan dituzte froga esperimentalak gainditu. Izan ere, zailtasun handiak izan dituzte emaitza esperimental egonkorrak lortzeko. Soken teoria eta M teoria, besteak beste, Guztiaren teoria bezala proposatuak izan dira.


Developed by StudentB